Bildumak Gai edo jakintza-arlo bati buruzko informazio eta edukiakULERTU DUT
XedeakGai bat lagun edo gogoetatzeko antolatzen den egitasmo nagusiaULERTU DUT
Ekintzak Erakunde edo proiektu batek antolatzen eta programatzen dituen aktibitateakULERTU DUT
Erakundeek ongi etorria eman diote Tabakalerari
InaugurazioTabakalera2015 Ira 09
Ateak irekitzeko bi egun falta direla, gaur arratsaldean erakundeetako ordezkarien, eragile kulturalen eta komunikabideen aurrean, Tabakalera aurkezteko ekitaldi ofiziala egin da.
Iñigo Urkullu Lehendakaria bertan izan da, Lurraldeko ordezkari instituzional gorenekin batera. Ekitaldiaren argazki ofizialean, Lehendakariaz gain, Ane Rodríguez Armendariz, Tabakalerako kultura zuzendaria, Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko Presidentea, Eider Mendoza, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentea, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburua, Markel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia, Donostiako Alkatea, Denis Itxaso, obraren jarraipenerako Batzorde Batearazleko Presidentea, eta Jon Montero, proiektuaren arkitektoa izan dira.
Argazki hori Tabakalerako sarrera berriaren aurrean egin da, Nestor Basterretxea plaza berrian. Plaza hau inguruak izan duen eraberritze urbanistiko garrantzitsuaren emaitza izan da. Hiriko erdigunea eta Egia auzoa batzen dituen lurpeko pasabidearen zati handi bat erabilera publikoko plaza berri batean bilakatu da. Behin Tabakalerak ateak irekitzen dituenean, sarrera hau izango da sarrera nagusia, nahiz eta historikoki eraikineko sarbidea izan den Mandasko Dukearen pasabideko sarrera ere mantenduko den.
Ekitaldia hasi aurretik, bisita labur bat egin da Sotoa izeneko espaziora. Sarrera nagusiaren alboan kokatutako areto honek, eraikinaren jatorrizko egiturazko ezaugarriak eta altuera mantentzen ditu. Gune honek hartuko dituen proiektuak memoriarekin lotuak izango dira, bai eraikinaren beraren memoriarekin, bai eta urteetan zehar bertatik pasatako pertsonen bizipen eta oroitzapenekin ere. Hasiera honetan, Mañana-Goodbye izeneko proiektua hartuko du Sotoak, tabako fabrikako “zigarrogile” talde batekin batera garatutako proiektua. Ekimena Leire San Martin, Tabakalerako Hezkuntza arloaren arduradunak aurkeztu du.
Tabakalerako kultura zuzendariak, Ane Rodríguez Armendarizek ireki du ekitaldia. Hitz hunkigarriak izan ditu, bertaratutakoei ongi etorria emanez, eta unearen garrantzia azpimarratuz, bai hiriarentzat, eta baita Lurraldearentzat ere. Behin betiko kokapenean abiatzear den kultur proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu ditu ondoren, lau zutabe nagusitan oinarritzen da proiektua: praktika artistiko garaikideak, Hezkuntza proiektua, Hirikilabs - kultura digitala eta teknologia laborategiak, eta Ubik - sorkuntza liburutegia. Era berean, datorren asteburuan eraikinean izango diren jarduera proposamen zabalaren berri ere eman du.
Urko Aristi izan da ekitaldiaren aurkezlea, eta bertan hitza hartu dutenak Denis Itxaso, Jon Montero arkitektoa, Eneko Goia eta Markel Olano. Iñigo Urkulluk eman dio amaiera ekitaldiari.
Behin ekitaldi ofiziala amaituta, bertan hitza hartu duten pertsonek, Tabakalerako Administrazio Kontseiluko kideekin eta eraikinean kide diren erakundeetako ordezkariekin (Donostia Zinemaldia, Euskadiko Filmategia, Zineuskadi, Etxepare Euskal Institutua eta Kutxa Fundazioa) batera, eraikina ezagutzeko bisita bati ekin diote. Tabakalerako lantaldeko kideak izan dira proiektuaren alor ezberdinak azaltzeaz arduratu direnak, espazio ezberdinetan: zinean, Víctor Iriarte, ikus-entzunezko programen arduraduna; erakusketa aretoan, Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak erakusketaren komisarioak, Anna Manubens eta Soledad Gutiérrez, Ubik sorkuntza liburutegian, Arantza Mariskal, proiektuaren arduraduna, Hirikilabsen Diana Franco, eta sortzaileen gunean Ane Agirre. Bisita hau bera, ekitaldian izan diren gainontzeko gonbidatuei ere eskaini zaie.
Bisitari amaiera emateko, koktel bat eskaini da eraikinaren gainaldean kokatutako prisman.
Behin ekitaldi ofizial honen ostean, Tabakalerak ateak zabalduko dizkie hiritarrei ostiralean, irailak 11. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da ekitaldia eta ondoren, hiritarrek Tabakalerara sartu eta bisitatzeko aukera izango dute. Egun horretarako ekitaldi programa zabala dago antolatua, performance, musika emanaldi, eraikinean barnako ibilbide eta abarrekin. Hurrengo egunetan ere, larunbat eta igandean, makina bat jarduera izango dira, publiko eta adin guztientzat.