2024 Urr 08
Feministaldia, Donostian 2005ean sortu zen Kultura Feminista Jaialdia da. Arte garaikidean eta kulturan begirada transfeminista batek kultur politikak eta zapalkuntza eta desoreka sistema zulatu ditzakeela serioki pentsatzen dugulako egiten da. Urtean behin ospatzen dugu hiriko hainbat kultur espaziotan, eta bertara leku ezberdinetako pentsalari, artista, performer, idazle, zinemagile, poeta, maga, txamana, zoro, puta, suge, DJ eta trabestiak gonbidatzen ditugu. Edizio bakoitzerako programazio-esparru gisa funtzionatzen duen izenburu edo ideia bat proposatzen dugu, mota guztietako hitzaldi, proiekzio, tarot-saio, dantza, mahai-inguru, performance eta showak antolatzeko balio diguna. Gonbidatuek Feministaldia esperimentaziorako gune gisa erabiltzea gustatzen zaigu, programatzerakoan arriskuak hartzea hot jartzen gaitu eta urtero moztu, pegatu eta birnahastearen alde gaude. Hango eta hemengo feministak, benetan zoragaria da zuekin topo egitea, astebetez burua eta gorputza elkarrekin mugitzea eta erresaka kimiko eta intelektual eder batekin esnatzea jaialdiaren ondoren. Horrek beste urte batez Feministaldia antolatzeko behar dugun indarra ematen digu.