Kearen artxibogileak fabrika honetako langile ohiek eta egungo langileek osatutako talde bat da. Aldizka, bilerak egiten ditu, besteak beste, Tabacalerako eta Tabakalerako istorioei buruzko artxibo komunitario bat eraikitzeko. Artxibo honen lehen bertsio digitala bilduma honetan dago, “Tabakaleraren memoria bizia” izenburupean aurkeztua hemen.
Narrazioak normalean eraikitzen diren moduei buruzko gogoeta egin nahi dugu, eta ofizial deitutako artxiboetan agertzen ez diren materialen zati bat jaso dugu hemen. Argazkiak, agiriak, bideoak, audioak eta objektuak dira, batzuk lan- prozesuan sortuak, baina gehienak leku horretako langile ohiek urte luzez gordeak. Horrenbestez, etxeko artxiboak irekiko ditugu; berez, ez ziren gorde jendaurrean erakusteko, baina urteak igaro ahala, garrantzitsu bihurtu dira eta gure iraganaren irakurketa kritikoa egiteko aukera ematen dute, eta, beraz, baita gure orainaldiarena ere. Alderdi biografikoari, afektiboari edo gatazkatsuari lotutako gaietan jarri dugu arreta, eta horien bitartez, orokorrean historiaren ideia eta zehazki fabrika honen historia zabaldu nahi duten kontakizunak aurkezten ditugu.
Guztion artean landu dugu materialen aukeraketa, antolakuntza eta aurkezpena, eta artxibo hori egituratzeko milaka moduetako bat bakarrik ikusten da hemen; horregatik, bisitariak egituran sakontzera gonbidatzen ditugu, baina, aldi berean, baita materialak berrinterpretatzera, berrantolatzera, birsailkatzera, birkokatzera eta material berriak ekartzera ere. Iraganaren begirada nostalgiko eta lau bat aurkezteko ideiatik aldenduta, kontakizuna “estutzen” ahalegindu gara, agiri bakoitza leku jakin batetik irakurtzeko, begiratzeko angelu jakin bat iradokiz. Materialak gai batzuetan antolatu dira. Gai horiek, nolanahi ere, zabalak dira, eta bakoitzaren barruan a priori imajinatuko genituzkeen ideia aurreikusgarri batzuk zabaltzeko ahalegina egin da.
Horrenbestez, prozesu kolektibo honen bidez artxiboa ez ezik komunitatea ere eraikitzen jarraitzeko leku gisa proposatzen da. Hiriko beste eragile batzuekin batera, fabrikako beste langile ohi batzuekin batera, auzoko beste bizilagun batzuekin batera.
Elkarrekin lan egiten jarrai dezagun!